Esne Beltza album

Gora!

5Gora 2013

Disko guztiak

Tracklist

  • 1 Welcome 0:22
  • 2 Gora! 3:15
  • 3 Itxarongelan 3:23
  • 4 Harresiko kunbia 3:50
  • 5 Malko bakoitzeko 3:35
  • 6 Bakardadean 3:43
  • 7 Lokarriak 3:19
  • 8 Sometimes 1:20
  • 9 Zauriak 5:07
  • 10 Ahantzi 3:00
  • 11 Zapato azule 4:16
  • 12 Quien manda 3:43
  • 13 Bonba hotsez 2:28
  • 14 Lucharemos 4:41
  • 15 Sutzen 3:49
  • 16 Hegaz doaz 5:10
  • 17 Bagoaz 3:14

Filma bat bezala da GORA!, edo bidaia bat bezala. Istoriora sarrera dauka, garapena, akzioa eta drama, milioika irudi eta bukaera. Aireratzea dauka, lotu gerrikoa!, turbulentziak, eremu ezezagunen gainetiko hegaldiak eta lurreratzea. Entzunaldi bakoitzean zerbait irabazten duen diskoa da, sendoa eta entretenigarria, dibertigarria bezain sentibera.

Formatua bera ezberdintasunaren aldeko apustua da.  Industriak bere joerengatik, jada ez du diskoa osotasun batean ulertzen, diskurtsoaren koherentzia eta batasun musikala baztertutako kontzeptu nahiz formulak diren garai hauetan, pozgarria da Esne Beltza bezalako salbuespenekin topo egitea. Nortasuna duen jendea, diskoak ohiko formatuan egiten dituena, horretarako arrazoiak dituztelako eta arrozi horiek aurkitzen ere badakielako. Disko bat entzutea, pelikula bat ikustea edota bidaiatzea adinako bizipena izan daitekeela oroitarazten digute.

Honela ba, diskoan sentimenduz beteriko hitzekin topo egingo dugu; alaitasuna, nostalgia, baikortasuna eta itxaropena, etxera bueltatzen den bidaiariaren hausnarketa, pentsamendu kolektiboak, bihotzetik ateratzen diren sentipenak. Aldaketak izugarrizko abiaduran ematen direla dakusanaren bizipen eta ikuspuntuak dira, injustizia, gure inguruan gertatzen denaren ezin ulertua, bizitzearen poza. Gora! osatzen duten hitzak taldearen heldutasunean aurrera pausua dira, egoera gaiztoak gainditzen laguntzeko terapia poetikoa eta sen ona dakarte.

Musikalki, taldekideek erakusten duten batasuna, osotasuna gailentzen da. Diskoaren grabazio lanak FM Kontrakantxaren No More Tour bira bukatu eta berehala egin izana lagungarri izan zaie taldeak erakusten duen osotasuna lortzeko. Gora! diskoan jai giroarekin topo egingo dugu, ospakizunerako bidea emango digu, non geldialdi eta bestelako norabide musikalek ere lekua duten. Esne Zopak egitasmo bidelaguna bezala, diskoak berriz minutuko 1000 biretara itzuli aurretik, arnas une bat hartzen duenean, han ageri da, interesgarri eta sentikor. Ska, rock, reggae, pop, folk, rap, elektronika nahiz flamenkoa modu xumean uztartzen dira Gora!-n, modu naturalean, gaur egunean edozeinen musika zaletasunean uztartzen diren bezala.

Diskoaren bazter guztietan kolaboratzaileak aurkitzen ditugu gainera. Esne Beltzaren musika aberasten duten artista harrigarriak, maiz ez ustekoak. Klixeak hausten dituzten kolaborazio logiko bezain ausartak, ziurtasunez, estiloen arteko mugak lausotuko dituztenak. Eta modu honetan, nola ez, kabida dute hizkuntza ezberdin eta anitzek ere, diskoa unibertsalagoa eta interesgarriagoa eginez.

Gora! diskoari, oso modu pertsonalean, kolore berezia ematen dioten kolaboratzaileetako batzuk dira, besteak beste; Little Pepe, Mala Rodriguez (Universal etxearen adeitasunez), Adrià Salas, La Canija, Zuloak, Jeff Roffredo (The Aggrolites), Malena D´Alessio, Kontrakantxa taldeko Fino eta Benas eta taldearen aita bitxia, behiaren esne beltza jetzi zuen lehena; Fermin Muguruza.

Garai baten isla erakusten duen diskoa izan ordez, emozionalki kudeatzeko zailak diren momentuak bizitzea tokatu zaienen sentimendu kolektiboa dakar. Mala Rodrigezek bere abesti batean dioen bezala “Jendea nola altxatzen den ikusteko garaia da”. Nahitaezko beharra.